2007/05/12

LEHENTASUN LUDIKOAK (I): jolasen sailkapena

Iaz, jolasaren inguruko hautazko asignatura egin nuen unibertsitatean eta bertan, oso lan interesgarria burutu genuen. Taldeko lana zen eta ikerketa bat egin behar genuen 2 eta 10 urte bitarteko haurrei elkarrizketak eginez. Zenbat eta haur gehiago elkarrizketatu, orduan eta errealitatearen isla zehatzagoa lortuko genuen, noski.

Datu horiek, haurrek adin eta sexuaren arabera dituzten lehentasun ludikoak aztertzeko balio izango ziguten. Eta hala izan zen. Haurrek duten adinaren arabera, aukeratzen dituzten jolas-motak aldatu egiten dira; eta neska edo mutil izateak, jolas-motaren aukeraketan zerikusia baduela konturatu gara. Oso gai sakonak dira eta gu ez gara kausetan zentratuko, baizik eta ondorioetan; hau da, ez gara aukeraketa horien zergatietan zentratuko (nahiz eta oso interesgarria iruditzen zaidan, sexuen arteko bereizketan batez ere). Lan hau bitakoran jartzen saiatuko naiz, eta lortzen dudanean osorik jarriko dut. Informazio ugari dago eta jolasarekin zerikusia du guztiak, baina post honekin zuzenki zerikusi gehien duena 7. orrialdetik 12. era dela esango nuke.

Aldez aurretik, hautazko hori gazteleraz egin behar izan nuela esan behar dizuet eta lana beraz, gazteleraz dago. Dena den, eta lana hobeto uler dezazuen, nozio batzuk emango dizkizuet aldez aurretik.

Lana lortzeko klika hemen.

HAURREK GOGOKOEN DITUZTEN JOLASAK

Lehentasun ludikoak ezin ditugu aldaezin eta iraunkor bezala ulertu, baina zertara dakiten jolasten adierazten digute gutxienez. Lehentasun ludikoak faktore askoren menpekoak dira eta beraz, oso aldakorrak izan daitezke. Faktore horien artean honako hauek daude: testuingurua, eskura duten materiala, bakarrik dauden, norekin dauden, zenbat dauden, moda, urtaroa,...

JOLASEN SAILKAPENA

  • JOLAS FUNTZIONALAK: objektuen gaineko jarduera sinpleak. Aro zentzu-motorean hasten dira eta ez dira sekula desagertzen, baina beste forma batzuetarako bilakaera du.

  1. Motore-manipulatiboak: atsegina dute elementu nagusi. Adib.: bizikletan ibili, hondarrarekin jolastu, patinatu, zabuka,...
  2. Lorpen jolasak: manipulatzearen atsegina mantentzen dute baina zerbait lortu edo eraikitzearen helburua du.
  3. Jolas elektronikoak: ekintza bidez helburu bat lortu baina jolasaren diseinuak bideratzen du. Adib.: puntuak lortu, kotxeak aurreratu,...
  • SINBOLO JOLASAK
: adierazi-adierazle harremana adierazten duten jolasak dira. Plantak egitetik, ekintza sozial baten sekuentzia konplexu eta luzeak antzeztera izan daitezkeenak (erosketak egitea adibidez).

  1. Sinbolo jolas sinpleak: oraindik ezin digute sekuentzien
    azalpenik eman. Adib.: kotxe bati korrika egitea eragin, plastilinarekin aritu,...
  2. Sinbolo jolas garatuak edo soziodramatikoak: testuinguru
    bat dute (etxea, sukaldea...), argumentu minimo bat, arau multzoa eta
    helburua (afaldu...).

  • ARAU JOLASAK:

    1. Arau jolasak gune irekitan edo kale jolasak: hartu eman sozialen barnean ematen dira; helburu berdina (kolektiboki bereganatu dutena) duten ekintzak elkartrukatzen dituzte. Jolasari zentzua ematen dioten arauen multzoan oinarritzen da. Espazio handia behar izaten da jolasteko.
    2. Mahai-jokoak: araua nagusitzen da baina hauek jolasean bertan dute jatorria. Jolas hauek ez dira heldutasunarekin desagertzen.

jarraipena: LEHENTASUN LUDIKOAK (II): ikerketen emaitzak


iturria: EHUko Psikologia ebolutiboa eta hezkuntza mintegia

Esteka interesgarriak
Piaget: jolasen etapak

No hay comentarios: