2007/05/19

IPUINEN TAILERRA


Duela hilabete inguru, "Ipuinen tailerra ikastaroa" egin nuen Getxoko Egizu Elkarteak darama Sendi proiektuaren bidez. Ikastaro hau Antton Irustak, Usansoloko ipuin kontalariak ematen du. Guk 2 arratsalde eman genituen berarekin eta oso gustura ibili ginen: 1. egunean alde teorikoa ikusi genuen eta 2.ean praktikatzen aritu ginen.

Hona hemen, Getxon egin zen beste ikastaroetako bat. Tamalez ez du soinurik, baina tira, Antton bere saltsan ikusteko aukera ematen digu.


Ipuinak oso baliagarriak dira euskaraz jolasteko. Elkarreragilezko lan handia egin daiteke eta jolasteko modu batean bihurtu: ipuinak asmatzea, gure istorio propioak kontatuz adibidez. Gehienek uste dutenaren kontrara, ipuinak irakurketa sinple batetik baino askoz haratago doaz. Haurrei ondorengo gauzetan laguntzen die: aditasunez entzuten ikasten, kontzentrazioa lantzen, ahozko ulermena bultzatzen, ahozko eta adierazpen eszenikoa garatzen, hiztegia aberasten, sentiberatasun estetikoa eta irudimena garatzen, luzaroagoan elkarrekin egoten eta hobeto ezagutzen (gurasoen kasuan batez ere).

Ipuinak kontatzeko derrigorrezko osagaiak
Ipuin bat kontatzerakoan helduak zenbat eta naturalagoak izan eta bere barneko haurra zen bat biziagoa eduki, orduan eta kontalari handiagoa izango da. Ahotsa eta jarrerak landuago edukitzeak ere laguntzen dute baina Antton Irustaren ustez, 3 gauza dira funtsezkoak:
  • Istorio bat edukitzea: zeure burua identifikatzen duzu istorio horren bitartez eta gustura sentitzen zara, hunkitzen zaituen istorioa duzu.
  • Istorio hori kontatzeko gogoa izatea: konta ezazu gogo handiz.
  • Istorio hori kontatzeko momenturik egokiena bilatzea. Istorioa hasi eta momenturik egokiena ez baldin bada, agian munduko ipuinik zoragarriena kontatuko dugu baina momentu horretan ipuinik kaxkarrena izango da. Ipuin bakoitzak bere jeinua du eta oso erne egon behar da ipuinak kontatzeko unean.

Gizakiok oso gogoko ditugu hunkitzen gaituzten istorioak, eta istorio hauek (harrigarria bada era) askeago egiten gaituzte, libreago.


ETA EGIA EDO GEZURRA,BEGIEN ARTEAN SUDURRA

No hay comentarios: