Mostrando entradas con la etiqueta jolasak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta jolasak. Mostrar todas las entradas

2007/05/23

ALDI BATERAKO AGURRA

Iritsi da blog honi behin behineko amaiera emateko garaia. Azkeneko post bat aho jolasei buruz egiteko asmoa nuen (asmakizunak, aho-korapiloak, atsotitzak, txisteak,...) baina ez dut web orri guztiz interesgarririk aurkitu. Edozein kasuetan honako hau gomendatuko nizueke: TTIPI TTAPA. Dena den, norbaiti honen inguruko materialik interesatuko balitzaio, Koska irratik libreko Ziripot kontu-kontari programarako erabiltzen ditugun liburuen izenak pasako nizkizueke. "Aho-jolasen" inguruko liburuen eskaintza oso ugaria da eta ez duzue lortzeko arazorik izango, baina sarera ez dira iritsi kasik.

Azterketa garaia da, eta bloga alde batera utziko dut beraz; baina batek daki gogo gutxiz hasi nuen lan hau ez ote dudan jarraituko azkenean. Jolasen munduari lotuta jarraituko dut behintzat, eta hau baliabide hona izan daiteke berriak zabaltzeko. Ohitura kontua izango da noizbehinka idaztea gutxienez, eta ohitzen hasia naiz jada...

2007/05/16

JOLAS KOOPERATIBOAK

Jolas kooperatiboek, berentzako espresuki den posta merezi dute. Nik iaz entzun nuen lehenengoz haiei buruz hitz egiten unibertsitatera etorri baitzitzaizkigun "Kometa" elkarteko kideak. Oso interesgarria izan zen eta mahai-jolas mordoa ekarri ziguten. Alemanian ekoiztutako egurrezko jolasak dira eta benetan, oso onak direla. Kometako katalogoan aurki ditzakezue, ez baitira dendetan saltzen.

Gure jolasteko modua konpetitiboa da eta jolas kooperatiboen funtsa guztiz kontrakoa. Jolas konpetitiboetan erronka gainontzekoak irabaztea, gainditzea da; jolas kooperatiboetan aldiz, erronka edo gatazkaren iturria kanpoko elementu batean kokatzen da eta guztion artean egin beharko diogu aurre, ostantzean, ez dugu helburua lortuko. Horrek guztiak transmititzen diren baloreen aldaketa erradikala suposatzen du.

Jolasaren Balioen Dekalogoa (Inter Red Euskal Herria)
  • PLAZERRA: Jolasa bizi-poza da, uneaz gozatzea da.
  • ASKATASUNA: pertsona oro aske da jolastu ala ez aukeratzeko.
  • HAZKUNTZA: Jolasak oinarri sendoko zoriona eraikitzen du. Horrek berekin dakarzkigu bizitasuna, jakin-mina, egunez egunekoaren ihesbide positiboa eta azken batean askatasuna eta atsegina.
  • DIBERTSITATEA: Jolasa, pertsonen antzera, bakarra eta errepika ezina da, ez baita inoiz modu berean garatuko. Jokaldi bakoitza desberdin izango da.
  • INTEGRAZIOA: Jolasak parte-hartzaileei laguntzen die jolasaren barruan integratzen eta ezagutza, entzumena, ulerkuntza eta jolasaren arauka eta dinamika onartzen laguntzen die.
  • SORMENA: Irtenbide, ideia eta jolasteko ere berriak etengabe proposatzeko aukera ematen du jolasak.
  • GATAZKA-ALDATZAILEA. Jolastean erabakiak hartzendira, egoera zailak jorratzen dira eta horiei aurre egiteko estrategiak antolatzen dira.
  • PARTEHARTZEA: Komunikatu, entzun, sozializatu eta sozialki interaktuatzeko tresna da jolasa.
  • LANKIDETZA: Lankidetza jolasetan, elkarrekin jolastuz bilatzen den helburua soil-soilik lor daiteke parte-hartzaile guztien elkar lanarekin.
  • KULTURARTEKOTASUNA: Izateko, bizitzeko, pentsatzeko, sentitzeko eta kokatzeko era berriak bilatzen, ezagutzen eta errespetatzen laguntzen digu jolasak.

Jolas kooperatiboei buruz informazio ugari topatu dut baina horren inguruko jolas bildumarik ez. Gainera daudenak, gaztelaniaz dira.

2007/05/15

JOLAS BILDUMAK SAREAN

Orain arte asko idatzi dugu jolasei buruz, baina jolas bat ere aipatu gabe. Hemendik aurrera ez da horrela izango.

Jakin badakigu zein inportanteak diren jolasak haurtzaroan eta ez dakit zein puntura arte garatzen duten bizitzako atal hau gaur eguneko haurrek. Asteburu honetan bertan, nire 12 urteko neba txikiak lagunekin zer egin zezakeen galdetzen zidan. Aspertu egiten direla eta, goiz joaten dira etxera. "Baina nola da hori posible?!" izan da nire lehenengo erantzuna: "8-10 gazte inguru elkarrekin eta aspertu?" Horren ostean, arratsalde hartako plana, "ziber" batera joatea zela aitortu zidan.

Asko pentsa arazi dit guzti horrek. Ohitura aldaketa nabaria egon daiteke nire haurtzarotik berera, baina 12-13 urteko gazte batzuk ez aspertzeko, zapatu arratsaldea "ziber" batean igarotzea tamalgarria iruditzen zait. Ez al da ala?

Zer edo zer ez dabil ondo, eta askotan, Play Station eta internetik gabe ondo pasatzen ez dakitela iruditzen zait. Horregatik, bitakora honetan kalean, lagunartean eta bitarteko handirik gabe jolasteko jolasak ikusiko ditugu. Ia interneten zein jolas aurkitzen ditugun, baina internet jolasteko medio izan gabe.

Bizkaiko Urtxintxa Eskolak 8 orduko "Euskal jolasak" ikastaroa eskaintzen du. Bertako txostenean jolas asko ditugu eta honako sailkapen hau dute:
  • Zotz egiteko jolasak
  • Ezagutze jolasak
  • Konfiantza jolasak
  • Talde eta korro jolasak
  • Abestiak eta dantzak
  • Mugimendu jolasak
  • Baloi jolasak
  • Soka saltoan
  • Goman aritzeko jolasak
  • Eskuekin jolastekoak
  • Hizkuntzarekin jolasak
  • Jolas tradizionalak

Interneten...

Jolas faltarik ez dago mundu honetan, baina internet-en, euskaraz aurkituko ditugun jolas bildumak oso urriak dira beste hizkuntzatan aurkitu daitekeenarekin konparatuz. Aldiz, geroz eta liburu-bilduma eta multimedia material gehiago dago horren inguruan.

Internet-eko euskarazko jolas bildumarik handiena www.aisia.net en aurkituko dugu. Oso ezaguna da eta web orrialde askotako loturetan agertzen da. Azalpenak argiak eta laburrak dira; gainera, abestiak deskargatzeko aukera dugu. Osatuen dagoen web orria dela esango nuke dudarik gabe.
Baina horrez gain, badaude beste batzuk: www.saretik.net/ostadarra adibidez, eskola ezberdinetako HH eta LHko haurrek osotutako orria da. Bertara, jolasak ez ezik, ipuinak, atsotitzak,... bidaltzen dituzte. www.ulibarri.info/a/deo/dok/ikasle/jolas3 hemen ere beste bildumatxo bat dugu. Ez daude sailkatuta, azalpenak ez dira nahikoa luzeak batzutan eta ez dugu abestirik eskuratzeko posibilitaterik, baina agian interesatzen zaizuen zerbait topa dezakezue.

Gaztelaniazko zenbait web orri interesgarri aurkitu dut eta luzatu egingo dizuet, itzulpengintza eta imajinazio apur baten laguntzaz, edozein jolas euskal jolas bihurtzea gure esku dagoelako.
tiempolibre.org / juegos para cooperación y la paz

Argitalpenak

Horrez gain, badaude jolas bildumen argitalpen interesgarri batzuk:









Guzti honekin material nahikoa izango duzuelakoan... EKIN JOLASTEARI!!!

2007/05/03

BOLO-JOKOA

Duela gutxi (martxoan) Segurako barnetegian egon nintzen astebetez begirale moduan. Bertan, herri-kirol bati buruz jakin izan nuen lehen aldiz. Boloei birla deitzen zaiela ere bai. Tamalgarria iruditu zitzaidan hainbeste urtetan ezer entzun ez izana eta blog hau hasi nuenetik banuen nire "berria" zabaltzeko gogoa.

Bolatoki edo birlei buruz zer edo zer entzuten dugunean, EEBBtako eredua datorkigu burura gehiengooi, ezta? Ba, badugu euskal tradizioan jorratu den bola-jokoa. Antzekoa, birlak, bola eta helburua ahalik eta birla gehien botatzea delako; baina ezberdina gainontzekoan.
Bola-jokoan aritzeko tradizio handia izan duten herriak izan dira Euskal Herrian. Seguran esaterako, etxe bakoitzeko bolatoki bat zegoen garai batean. Gaur egun, ez da bolatoki askorik orokorrean, baina posible da oraindik ere jokalariak olgetan ikustea. Honako argazki hauek, Segurako barnetegian bertan ateratakoak dira eta esan beharrik ez dago, ez dela benetako bolatokia.


Primeran pasa genuen birlak botatzen, baina indar kontua baino, teknika kontua zela ikasi genuen. Ez dut aurkitu informaziorik "Txaparro" izeneneko birlari buruz (badirudi izen hori ez dela orokorra), baina Txaparro, argazkian aparte dagoen birla txikia da. Txaparro birla da bota edo ikutu behar ez den bakarra. Hau bota ezkero, akabo!

Arauak

Bolatokia 25 metro luzeran eta bi metro zabaleran dituen errektangulu batek osatzen du. Bolatokiaren mutur batean 9 bolo (hilara bakoitzean hiru) ipintzen dira, beste muturrean berriz bolaria jarriko da eta bola lurretik botaz boloak lurrera botatzen saiatuko da. Botaldia oztopatzeko ibilbide idealean bolo txiki bat kokatzen da eta berau ukitzea galarazi behar da puntuak ken ez diezazuten. Gaur egun “bolatoki amerikar” izenez ezagutzen dugunaren antzerakoa da.

Boloek 420 mm-ko luzera dute eta beraien zabalerak ez du inoiz 90 mm-tako neurria pasako. Jaurtikitzen diren bolek 7 kilo inguru pisatzen dute eta jaurtitzailearen hatzak sartzeko zuloak dituzte.

Bolo jokoa oso ohitura zaharra da. Gure udaletxetako artxiboetan bolo jokoaren inguruko datu anitz aurki daitezke; arauak, bolatokiaren mantentzea...

Herri eta auzo guztiek beraien bolatokia zuten eta gaur egun berauetako askok bolatoki zaharrak mantentzen dituzte. Bolatoki zahar horiek bisitatzera joanez gero, herritarrak jolasean ikusteko aukera dago; boloak lurrera erortzen direnean ateratzen duten soinua entzun, bolarien ahotsak “hiru”, “ona”... esanaz....

Baserrietako bizilagunak igandeko mezan topo egiten zutenean bolo jaurtiketa batzuk egiteko parada aproposa izaten zen, bide batez txikito batzuk apostatzen zituzten bitartean Sagardotegiak ere bolo jokorako leku aproposak izaten ziren, hau dela eta sagardotegi guztiek beraien bezeroentzako zainduriko bolatokiak zituzten.

Gaur egun bolariak federatuak daude eta herri, lurralde eta probintzi mailako lehiaketak gauzatzen dituzte.