2007/05/03

BOLO-JOKOA

Duela gutxi (martxoan) Segurako barnetegian egon nintzen astebetez begirale moduan. Bertan, herri-kirol bati buruz jakin izan nuen lehen aldiz. Boloei birla deitzen zaiela ere bai. Tamalgarria iruditu zitzaidan hainbeste urtetan ezer entzun ez izana eta blog hau hasi nuenetik banuen nire "berria" zabaltzeko gogoa.

Bolatoki edo birlei buruz zer edo zer entzuten dugunean, EEBBtako eredua datorkigu burura gehiengooi, ezta? Ba, badugu euskal tradizioan jorratu den bola-jokoa. Antzekoa, birlak, bola eta helburua ahalik eta birla gehien botatzea delako; baina ezberdina gainontzekoan.
Bola-jokoan aritzeko tradizio handia izan duten herriak izan dira Euskal Herrian. Seguran esaterako, etxe bakoitzeko bolatoki bat zegoen garai batean. Gaur egun, ez da bolatoki askorik orokorrean, baina posible da oraindik ere jokalariak olgetan ikustea. Honako argazki hauek, Segurako barnetegian bertan ateratakoak dira eta esan beharrik ez dago, ez dela benetako bolatokia.


Primeran pasa genuen birlak botatzen, baina indar kontua baino, teknika kontua zela ikasi genuen. Ez dut aurkitu informaziorik "Txaparro" izeneneko birlari buruz (badirudi izen hori ez dela orokorra), baina Txaparro, argazkian aparte dagoen birla txikia da. Txaparro birla da bota edo ikutu behar ez den bakarra. Hau bota ezkero, akabo!

Arauak

Bolatokia 25 metro luzeran eta bi metro zabaleran dituen errektangulu batek osatzen du. Bolatokiaren mutur batean 9 bolo (hilara bakoitzean hiru) ipintzen dira, beste muturrean berriz bolaria jarriko da eta bola lurretik botaz boloak lurrera botatzen saiatuko da. Botaldia oztopatzeko ibilbide idealean bolo txiki bat kokatzen da eta berau ukitzea galarazi behar da puntuak ken ez diezazuten. Gaur egun “bolatoki amerikar” izenez ezagutzen dugunaren antzerakoa da.

Boloek 420 mm-ko luzera dute eta beraien zabalerak ez du inoiz 90 mm-tako neurria pasako. Jaurtikitzen diren bolek 7 kilo inguru pisatzen dute eta jaurtitzailearen hatzak sartzeko zuloak dituzte.

Bolo jokoa oso ohitura zaharra da. Gure udaletxetako artxiboetan bolo jokoaren inguruko datu anitz aurki daitezke; arauak, bolatokiaren mantentzea...

Herri eta auzo guztiek beraien bolatokia zuten eta gaur egun berauetako askok bolatoki zaharrak mantentzen dituzte. Bolatoki zahar horiek bisitatzera joanez gero, herritarrak jolasean ikusteko aukera dago; boloak lurrera erortzen direnean ateratzen duten soinua entzun, bolarien ahotsak “hiru”, “ona”... esanaz....

Baserrietako bizilagunak igandeko mezan topo egiten zutenean bolo jaurtiketa batzuk egiteko parada aproposa izaten zen, bide batez txikito batzuk apostatzen zituzten bitartean Sagardotegiak ere bolo jokorako leku aproposak izaten ziren, hau dela eta sagardotegi guztiek beraien bezeroentzako zainduriko bolatokiak zituzten.

Gaur egun bolariak federatuak daude eta herri, lurralde eta probintzi mailako lehiaketak gauzatzen dituzte.



No hay comentarios: