Mostrando entradas con la etiqueta ipuinak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ipuinak. Mostrar todas las entradas

2007/05/22

LIBURUAREKIN NOLA JOLASTU, HURBILDU ETA ULERTU

3-5 HAURREKIN EGITEKO EKINTZAK (RODARI):

LIBURUA IREKI AURRETIK
  • Liburuaren ikus esplorazioa: Handia al da? Txikia? Lodia? Mehea? Marrazkiak al dit? Hizkiak al ditu?
  • Liburuaren esplorazio sentsoriala: Gogorra al da? Xamurra? Soinua egiten al du? Usaintzen du?
  • Azalaren miaketa: Zer marrazki azaltzen da? Hizkiak al daude? Zein da izenburua? Egilearen izena al dago? Zeintzuk kolore daude?
  • Bizkarraren miaketa: Nolakoa da? Zer dago idatzia? Zer koloretakoa da? Ba al daude horrelako beste bizkarrak?

LIBURUA IREKI ONDOREN

  • Irudietan zer kolore dauden asmatu
  • Zer pertsonaia azaltzen diren ikusi
  • Haurrari gehien gustatzen zaiona seinalatu
  • Ipuineko irudian egongo balitz, zer egingo lukeen galdetu
  • Errepikatzen den pertsonaia edo gauza bilatu
  • Gauza zehatz bat azaltzen den orria aurkitu
  • "Ikusi-Makusi" jokoa...

LIBURUA ITXI ONDOREN

  • Pertsonaiekin elkarrizketak telefonikoak burutu
  • Pertsonaia zehatz baten marrazkia egin
  • Izenburua idatzi
  • Gauza edo jantzi zehatz bat norena den asmatu
  • Istorioa amaitzeko beste modu bat asmatu

2007/05/21

IPUINEN KONTSUMO ARDURATSUA

Ipuinak oso baliabide onak dira jolastu eta ikasteko; baina gauza guztiak bezala, erabiltzen jakin behar. Edozein ipuin ez da egokia segun eta zeintzuk diren gure helburu eta baloreak. Ezkutuko eduki asko dute ipuinek, eta erabili aurretik ez baditugu aztertu eta aukeratzen, nahi ez ditugun balore eta ezaugarriak trasmititzera irits gaitezke. Holakorik nahi al dugu?

Ipuinek funtzio onuragarri asko dituzte, baina horrek ez du itsu-itsuan kontsumitu behar ditugunik esan nahi. Ipuinen kontsumo arduratsurako beraz, gomendioak eta adibide praktikoak dituen liburu bat gomendatzen dizuet: "Ipuinak ez sexistak izateko gida". Sexismoan zentratzen bada ere, ipuinen ezaugarri orokorrez hitz egiten digu, eta gaur eguneko baloreekin bat datozen ipuinak eta haiekin egiteko ekintzak proposatzen dizkigu.

Liburu horretatik hartu ditugu ipuinen funtzioak , ipuinen garrantzia zein tamainakoa den ikus dezazuen:

Ipuinen funtzioa
Momentu atseginak emateko tresnak izaten dira (umeak oheratuta loarazteko, lasai daudenean kontatzeko...).
Irudimena eta sormena bultzatzen dute.
Umeak ipuinaren protagonistak bihur daitezke eta gauza harrigarriak egin.
Umeak duen errealitatera hurbiltzeko tresna.
Gertaera desberdinen aurrean pertsonek duten portaera eta betetzen dituzten rolak azaltzen dituzte.
Ikasleen interesa eta irudimena erakartzen dute.
Ikasbide bat zabaltzen da, ona eta txarraren arteko desberdintasuna argi utziz eta bide egokia zein den markatuz.
Eguneroko hizkuntza erabilgarria testuinguru batean kokatu eta beste egoera batzuetara aldatzeko aukerak ematen dituzte.
Komunikazio trebetasunen garapena eta hizkuntza naturaltasunez erabiltzea sustatzen dute.
Hizkuntzaren ikaskuntza pertsonalizatzen dute.
Testuinguru egokia eskaintzen dute, hasierako irakurmena eta idazmena modu eragingarrian lantzeko.
Ipuina kontatzen zaien bitartean umeei denbora eskaintzen zaie, maitatuak direla erakusten zaie.

Irakurketak haurren bilakaeran duen funtzioa

PSIKOLOGIKOA
  • Sormena, irudimena eta fantasia estimulatzen ditu.
  • Nahi psikologikoak betetzen ditu.
  • Barne mundua, bere intimitatea aberasten du.
  • Sentikortasuna suspertzen du.
  • Kritika ahalmena lantzen du.
  • Bere gatazka pertsonalak konpontzen laguntzen du.
  • Beldurrak, kezkak... gainditzea ahalbidetzen du.
  • Bere autoestima lantzen du.
  • Ohiturak sortzen ditu.
  • Hazten eta heltzen laguntzen du.

SOZIALA

  • Giza harremanak ulertzen laguntzen dio.
  • Rolak eta portaera ereduak irakasten ditu.

MORALA

  • Besteekiko tolerantzia, ulermena eta errespetua errazten ditu.

ESTETIKOA

  • Ahalmen estetikoa eta artistikoa estimulatzen ditu.

INTELEKTUALA

  • Mundua, errealitatea ezagutzen laguntzen dio.
  • Informazioak, ikasketak jasotzeko baliabide egokia.
  • Jakin-mina suspertzen du.
  • Hausnarketa eragiten du.
  • Bere "zergatiei" erantzuten die.
  • Jarduera mentala egituratu eta aberasten du.
  • Arreta, kontzentrazioa, oroimena... estimulatzen ditu.

AFEKTIBOA

  • Bere guraso eta hezitzaileekiko harreman afektiboak eta komunikazioa suspertzen eta hobetzen ditu.
  • Heziketa emozionala eratzen laguntzen du.

HIZKUNTZA

  • Bere komunikatzeko gogoa betetzen du.
  • Hiztegia aberasten du eta hizkuntza ulermena eta adierazpena garatzen ditu.

PERTZEPZIOARENA

  • Zentzumen-pertzepzioak, orokorki, estimulatzen ditu.

2007/05/20

IPUINAK SAREAN

Oraingo honetan, eta jolasekin egin genuen bezala, sarean aurkitu dudan materiala eskainiko dizuet. Dena-den, materiala lortzeko ez dugu arazorik izango, Euskal Herrian zer edo zer ugari baldin bada, Haur Literatura euskaraz baita. Edozein liburutegitan ehunka ipuin eskura dezakegu.

Nik pentsa baino material gehiago egon da sarean. Askok musika dute eta gutxi batzutan, ipuina entzuteko deskargatzeko aukera ematen digute.

Aurreko web orrialde horietan, egileak helduak ziren. Baina txikienek ere, sarean parte hartzen dute eskolatik batez ere, eta bertan, ikasleen ipuin ugari aurki dezakegu. Haietako orrialde gehienak, haurrek parte-hartzeko irrikitan daude.

Horrez gain, eskolan batean egindako multimedia ipuinak aurkitu ditut. Egin eta gainera interneten eskegi!!

http://www.youtube.com/profile_videos?user=geroaikastola&p=r

IPUINAK KONTATZERAKOAN GOGOAN IZAN BEHARREKO PUNTUAK

IPUINA ONDO AUKERATU
Kontalariak, hasteko ondo aukeratu behar du kontatu behar duen ipuina. Ipuin-kontaketa komunikazio-jarduera denez, ondo aukeratzen jakin beharko du kontalariak ipuina, beronen emozioa dastatu ahal izateko. Erabat identifikaturik egon behar du ipuinarekin bere inplikazio animikoa osoa izan dadin eta entzuten ari den haurrari berau transmitituko badio.

Zeren ipuina, ez ahaztu, afektibitatearen lokarriaz zein emozioaren kartoiaz biltzen jakin behar dugun oparia baita, Lewis Carroll-ek dioen bezala, maitasunezko oparia: gustu estetikoez gain haurraren maila ebolutiboa gogoan daukana.

Kontalari bakoitzak bere larrua eta jantzia daukan bezala, ipuina ere gorputzean sartuta dauka, pertsonaia komikoez, lirikoez edo dramatikoez osatua: ipuina egoki adierazten jakin beharko du ipuin bakoitzari dagokion partitura interpretatuz.

Ipuinek beste denbora baten atea irekitzen dute, denborarik gabeko denbora, denbora gelditua. Eta denbora honetan bizi direnak, ez dira inoiz zahartzen eta ez dira inoiz hiltzen, ipuinetako pertsonaiak bezala.

LEKUA

  • Ipuina espazio jakin batean lekutu.
  • Ipuinak bere unea behar du, bere giroa.
  • Kontalariak eta haurrak aurre-aurre elkarrengandik gertu.
  • Zeremonia oso bat da, liturgia eta errito propioa eskatzen dituena, eguneroko bizitzak bezala.
ISILTASUNA

Garrantzitsua da kontaketa hasi aurretik isilik eta ipuinaren zain egotea. Umeak entzuten jakin behar du, isiltasuna bera entzun beharko luke.

KONTATZEKO ERA

APALTASUNA: Apaltasuna da bai kontatzeko estiloari, bai adierazpideari egokitu beharreko ezaugarria. Barregarria da ahotsa itxuraldatzea eta umeari era txoroan hitz egitea. Ama batek esan zuen bezala behin oso kezkaturik: "izan naturala" esatea erraza zela, baina benetan izatea oso zaila.

MUGIMENDU LOGIKOA: Ipuina interesatzeko eginda dago, eta gero eta gehiago interesatzeko ere bere jarduera etengabea behar du izan, eta gero eta bizkorragoa. gertakizunak segidan kontatu behar dira, bakoitza bere lekuan, istorioa argitzeko ez bada, ez da ez esplikaziorik eta ez deskribapenik egin behar.

GORPUTZA: Ahotsa landu egin behar da kontaeraren une desberdinetara egokitu eta ohitzeko, punturik nagusienak baloratuz eta lagunduz: ahots-doinuak eman diezaieke indar gehiago puntu horiei, azpimarra ditzake zenbait hitz testuingurutik isolatuz, ozenago ahoskatuz, edo, agian, bereiziz.

ERRITMOA: Kontaketaren erritmoak edukiarekin bat egin behar du; hori dela eta izan daiteke jaiotsu eta laua, azkarragoa eta mugikorragoa, edota motela tentsioa sortzeko; etenak lagundu egiten du diskurtso garapen logikoan zehar. Saihestu behar dena, monotonia.


KEINUAK: Zaindu egin behar da baina gorputzaren posizioa eta jarrera. Gorputzen mugimenduek hitzen jarioarekin bat etorri behar dute eta saihestu behar dira bai egonkortasuna eta bai beldurra. Gorputzaren zati batzuei erreparatu behar zaie bereziki: aurpegi, beso eta eskuei.


AURPEGIA: Entzuten duenari atentzioa ematen dion lehenengo gauza kontalariaren aurpegia da. Aurpegiarekin espresioak lagundu, azpimarratu eta baloratu egiten ditu esandakoak ahots-doinuaren antzera. Begiradak, bereziki, ez du iheskorra izan behar, umeen begietara zuzen du behar da eta horrela konfiantza-giroa sortuko dugu.

iturria: "Ipuinen tailerra ikastaroa" Antton Irusta

2007/05/19

IPUINEN TAILERRA


Duela hilabete inguru, "Ipuinen tailerra ikastaroa" egin nuen Getxoko Egizu Elkarteak darama Sendi proiektuaren bidez. Ikastaro hau Antton Irustak, Usansoloko ipuin kontalariak ematen du. Guk 2 arratsalde eman genituen berarekin eta oso gustura ibili ginen: 1. egunean alde teorikoa ikusi genuen eta 2.ean praktikatzen aritu ginen.

Hona hemen, Getxon egin zen beste ikastaroetako bat. Tamalez ez du soinurik, baina tira, Antton bere saltsan ikusteko aukera ematen digu.


Ipuinak oso baliagarriak dira euskaraz jolasteko. Elkarreragilezko lan handia egin daiteke eta jolasteko modu batean bihurtu: ipuinak asmatzea, gure istorio propioak kontatuz adibidez. Gehienek uste dutenaren kontrara, ipuinak irakurketa sinple batetik baino askoz haratago doaz. Haurrei ondorengo gauzetan laguntzen die: aditasunez entzuten ikasten, kontzentrazioa lantzen, ahozko ulermena bultzatzen, ahozko eta adierazpen eszenikoa garatzen, hiztegia aberasten, sentiberatasun estetikoa eta irudimena garatzen, luzaroagoan elkarrekin egoten eta hobeto ezagutzen (gurasoen kasuan batez ere).

Ipuinak kontatzeko derrigorrezko osagaiak
Ipuin bat kontatzerakoan helduak zenbat eta naturalagoak izan eta bere barneko haurra zen bat biziagoa eduki, orduan eta kontalari handiagoa izango da. Ahotsa eta jarrerak landuago edukitzeak ere laguntzen dute baina Antton Irustaren ustez, 3 gauza dira funtsezkoak:
  • Istorio bat edukitzea: zeure burua identifikatzen duzu istorio horren bitartez eta gustura sentitzen zara, hunkitzen zaituen istorioa duzu.
  • Istorio hori kontatzeko gogoa izatea: konta ezazu gogo handiz.
  • Istorio hori kontatzeko momenturik egokiena bilatzea. Istorioa hasi eta momenturik egokiena ez baldin bada, agian munduko ipuinik zoragarriena kontatuko dugu baina momentu horretan ipuinik kaxkarrena izango da. Ipuin bakoitzak bere jeinua du eta oso erne egon behar da ipuinak kontatzeko unean.

Gizakiok oso gogoko ditugu hunkitzen gaituzten istorioak, eta istorio hauek (harrigarria bada era) askeago egiten gaituzte, libreago.


ETA EGIA EDO GEZURRA,BEGIEN ARTEAN SUDURRA

2007/05/04

ZIRIPOT KONTU-KONTARI


Oraingoan ez dugu jolasei buruz hitz egingo, baina bai euskara lantzeko tresna polit batez. Zer dira ipuinak ba, euskaraz ondo pasatzeko tresnak ez badira? Zentzu horretan zer ikusi handia dute jolasekin, eta ipuinak asmatzeko teknikak ere, jolastzat har ditzakegu.

Badago Uribe Kostan, Algortan hain zuzen ere, Koska irratia izeneko irrati libre bat. Bertan era askotako programak badaude ere, badago erabilgarria izan dakigukeen bat: Ziripot kontu-kontari.

Programa hau Algortako 3 gaztek egiten dugu. Aurten 2. denboraldia daramagu eta iaztik hona, aldaketa batzuk egin ditugu gauza batzuk gehituz. Dena den, darabilgun oinarria, idatzizko ipuinak ahoz kontatzea, interpretatzea da.

Audio material hau interesgarri eta erabilgarria izan dagizuen espero dut eta kontutan har ezazue, programa hori egiteko gure gogo eta esfortzua besterik ez dugula ipintzen: ez dugu titulaziorik, ez gara irratigintzako profesionalak. Zuzenean irrati eta internet bidez entzun dezakezue, FM 108.0 edota www.koskairratia.com en. Eta zuzenekoan ez bada, laster, gure web orrialdetik nahi duzuenean eskuratu ahal izango dituzue. Astero programazio zehatza argitaratzen dugu bertan eta dataren gainean klikatuz deskargatu ahal izango dituzue: probatu hemen.

Ziripot kontu-kontari: programazioa

Ziripot izeneko pertsonai mitologikoa da irratsaio honen euskarria. Ordu erdi eskas duen saioa da. Astelehenetik ostegunera 7:30etatik 8:00etara eta 19:30etatik 20:00etara.Programa honetan 3 atal nagusi daude:

  1. Ipuin tradizionalak, kondairak, kontakizun berriak,… Euskal kulturaren inguruko zein munduko beste edozein lekutakoak kontatuko dituzte Ziripot eta honen lagunek; beti ere, euskaraz.
  2. Gai ezberdinetako atalak:
    Astelehenetan: bitxikeriak.Asteartetan: pertsonaia mitologikoak.Asteazkenetan: asmakizunak.Ostegunetan: txisteak.
  3. Asteko esaera zaharra (batzutan, horren inguruko azalpen batez lagunduta). Gure “euskal altxorrak” eta hauek erabiltzeko ohitura gal ez dadin.

Haurrentzat zein nagusientzat aproposa. Animatu eta murgil zaitez lamien, jentilen eta ipotxen munduan Euskal Herrian zehar.Gora Mari!!! Gora Ziripot