2007/05/10

JOLASAREN EZAUGARRIAK ADINA DELA ETA

Post honetan, 0-6 urte bitarteko haur jolasentzako aproposak diren ezaugarri orokorrenak ikusiko ditugu. Honekin, jolasak adinez-adin hobeto aukeratu ahal izango ditugu.
L.F. Pérez Sánchez-ek egiten du ondorengo sailkapena, autore hauen ikerketak kontutan hartu eta gero: F. Secadas, S. La Fuente, C. Coll, I. Carrillo... . Horren arabera:

  • 0-2 urte
: Jolasa esperimentatzeko aukera bat da, eta baita gorputza ezagutzeko aukera ere. Haurrak helduarekin gorputzaren bidez kontaktu izateko premia dauka, eta hori bere jolasa dela esan dezakegu. Haurrak txikiak direnean interesgarria litzateke haurrarekin jolastea, besoetan alde batetik bestera eramaten ditugula kulunkatuz, laztanduz edo magalean dagoela eskuko jolasak eginez. Objektuak ezkutatzen, gauzak agertarazten eta desagerrarazten, soinuak ateratzen dituzten materialak erabiltzen, tresnak manipulatzen,... jolastu daiteke. Ibiltzen hasten denean (12 hilabeterekin), ibiltzea oso gustuko du eta jolas erakargarrienak ondoko hauek ditu: gurditxoak eta gurpilak bultzatzea, manipulazio jolasak, otarrak material ezberdinekin bete eta hustea, urarekin egiten diren jolasak, musika kaxekin eta perkusiozko jolasak,... Helduarekin hitz egiten hasten direnean komunikazioa espontaneoa da, baina bere arreta irabazi beharko dugu,k eta froga ezberdinak egingo ditugu hori lortzeko. Gero, heldua imitatu nahiko du, errepresentazioko jolasak erabiliz. Bukaeran, beste batzuen ondoan jolastuko du, bere nortasuna taldearen barruan autoafirmatzeko. Etapa honetan sentsazio propiozeptiboak garatzen joango da (gihar tonua, orekaren kontrola mugimenduan edo mugimendurik egon gabe, mugimendu diferentziatuak -begiak mugitu, aurpegia mugitu gabe-, eta lateralitatea). Helmuga txikiak gainditzea lorpen handiak irabaztea suposa dezake.

  • 3 urterekin: Oreka domeinua eskuratzen da beste trebetasunetan erabiltzeko. Manipulazio handiak menderatzen dira, gorputza eta gorputz adarren domeinua ematen da. Ez du mugimenduarekin esperimentatzen orain arte bezala, zalutasun mugimenduak koordinatzen hasten da, oreka desafiatuz eta akrobaziarantz gerturatzen. Jolas aproposenak ondokoak dira: jauzi egitekoak, pilota bat jaurtitzeko edo pilota txutatzeko jolasak,... Oraindik ez zaizkio jolas landuak edota arauak jarraitzeko zailak direnak proposatu behar. Imitazioak eta keinuak egitea oso gustukoa du. Erritmo jolasak oso egokiak dira.
  • 4 urterekin: Oreka menperatzen du; baita mugimenduan ere. Modu honetan, lasterketako jokoak, pilotakoak, kulunketakoak,... sortzen dira. Ingurua interesatzen zaio eta jolasa integrazio sozialaren adierazgarria da. Horrela, besteekin harremanetan jartzen da taldeko arauak onartzeko eta errespetatzeko. Eskuko trebetasunak agertzen dira, eta rol jokoak.
  • 5 urterekin: Taldean integratzen saiatzen da (hau 9 urterekin gertatzen da), umeen artean rolak edo paperak banatzen hasten dira, neska eta mutilen artean diferentziazioa dago,... baina oraindik txikia da, 9 urterekin banatuko dituzte. Errealitatea eta fikzioa nahasten dute, imajinazioa erabiliz.
  • 6 urterekin: Espazioa menperatzen hasten dira, espazioa sartzen da pixkanaka jokoetan. Bikotea aukeratzen du laguntasunagatik.

Haur Hezkuntzan asko gustatzen zaie jokoak edo jarduerak errepikatzea; batez ere, menperatzen diren arte. Errepikatzeak ematen du atsegina.


No hay comentarios: