Mostrando entradas con la etiqueta ezaugarriak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ezaugarriak. Mostrar todas las entradas

2007/05/14

LEHENTASUN LUDIKOAK (II): ikerketen emaitzak

Gogokoen dituzten jolas eta jostailuak adinarekin aldatuz doaz, gaitasunak, interesak eta jarrerak garatu / aldatu egiten dituztelako; testuingurua aldatzen dute.

3 adin segmentu bereiz ditzakegu:
  • 8 urtetik behera: arau jolasetaranzko bilakaera moderatua.
  • 8-11 urte bitartean: kale jolasak.
  • 11-14 urte bitartean: arau jolasak eta jolas funtzionalak.

JOLASEN BILAKAERA

Sevillan egindako ikerketa handi baten emaitzak ikusiko ditugu. Bertatik datu esanguratsuenak hartu ditugu. Ez ahaztu datu hauek orientagarriak besterik ez direla.

  • Jolas motore-manipulatiboek behera egiten dute adinak gora egin ahala (berezko jolasetan).
  • Lorpen jolasek behera egiten dute adinak gora egin ahala (batez ere eskola testuinguruan).
  • Sinbolo jolas sinpleak 4 urte bete arteko jolas karakteristikoak dira.
  • Sinbolo jolas garatuek, 4-8 urte bitartean dute garai gorena. Ondoren, behera egiten dute; batez ere, berezko jolasetan (espontaneotan).
  • Kale jolasek gora egiten dute adinarekin batera (berezko jolas gisa) eta mahai jolasak 8-11 urte bitartean gogokoen duten jolas moduan ageri dira.

Mutilen jolasak, nesken jolasak: antzekotasun eta ezberdintasunak. Haurrek jolas mota berdinak dituzte gogoko eta kasik jostailu mota berdinak. Eskola garaitik aurrera hasten dira diferentziak: mutilek jolas funtzionaletarako joera eta neskek jolas sinbolikoetarako joera izango dute gehin bat.

Diferentzia handienak:

  1. Neskek mutilek baino nahiago dituzte jolas soziodramatikoak (mutilen kopuru bikoitza).
  2. Mutilen kasuan, jolas elektronikoak eta kale jolasak gailentzen dira, nesken mahai-jokoak baino apur bat gehiago.

Diferentzia handienak jostailua behar duten jolasetan markatzen dira: funtzional eta sinbolo jolasetan. Arau jolasetan aldiz, hautapena maila berberean mantentzen da.

Haurren interes intelektualak berberak direla baiezta dezaketela diote; diferentzia, rol sozialen interesetan omen dago: neskentzat etxea eta harreman pertsonalak; mutilentzat makinen azterketa eta objektu berrien manipulazioa.

Lehentasunak konkretuki:

  • Jolas motore-manipulatiboak: pilota bientzat berdin. MUTILEK: korrika egin, kotxeak eta bizikletak, eraikuntzak eta futbolinak; NESKEK: korrua, soka eta puzzleak.
  • Lorpen jolasak: MUTILEK: ordenagailua, kotxeak eta makina elektronikoak batez ere.
  • Jolas sinboliko sinpleak: NESKEK: panpinak. MUTILEK: kotxeak.
  • Jolas soziodramatikoak: NESKEK: etxetxoak. MUTILEK: telebistako filmeak eta gerrak.
  • Arau jolasak: DENEK: korrika egin eta atzetik joan. MUTILAK: ohikoena, futbola.

Ondorio guzti hauek, datu asko jaso ondoren egin dira. Gure kasuan, datu askoz gutxiago jaso genituen, baina ondorioak ez dira oso ezberdinak. Ez naiz sartuko nesken eta mutilen lehentasunen kausak aztertzera, baina emaitza horiek ez dira kasualitate baten ondorio, hezkuntza / kulturaren bidez jasotako baloreen ondorio baizik.

Datuak hemen daude, hortik aurrerakoak, hezitzaile bakoitzak baloratu beharko ditu. Elkarrekin jolas dezaketela argi dago behintzat... bideo ikusi bestela!



iturria: EHUko Psikologia ebolutiboa eta hezkuntza mintegia

2007/05/11

JOLASA ETA IKASKUNTZA

Jolasa ikasteko bidean, ikaskuntza eta hezkuntzarekin lotuta doazen prozesuak agertzen dira, hauek direla: analisia, harremanak ezartzea, parekotasunak bilatzea, ezberdintasunak bilatzea, aurkikuntza,... imajinazioa eta sormenaz lagunduak. Taldeko jolasak direnean gainera, pertsonen arteko harremanak eta hartu emanak egotea bultzatzen da.

Ikaskuntza bat jokabide eta portaera aldaketa baino ez da. Baina batzutan, oso zaila da portaera aldaketa hori identifikatzea. Gauza bakoitza ikasteko momentu bat dago eta ikaskuntza bakoitzeko momentu egoki hori bilatu egin behar da. Jolasaren bidez, motibazioa lortzen da; hau, ikaskuntza bat gertatzeko lehenengo oinarria izango da. Jolasa bide bat izango ikasitakoa finkatzeko eta ikasteko bide berriak bilatzeko. Zer esanik ez, guzti hau euskaraz egiten badugu. Euskaraz ikasi eta euskara ikasteko balio izango digu. Horrez gain, euskara sentipen positiboekin lotzea lor dezakegu eta derrigorrezkotasun edo eskolarako hizkuntza bezalako terminoetatik aldentzea.

Vigotsky-ren ustetan, jolasak ikaskuntzarako giroa hobetzen du. Egoerak etengabe aldatzen dira eta horrek norberaren ezagutza eta taldeko ezagutzaranzko bidea irekitzen du. Jolas egoerak, ez bada oso zorrotza, estimulazioa, interesa, kontzentrazioa, motibazioa eta barietatea emango du. Jolasak pertsonalitate osoa inplikatzen du, alderdi emozionala, soziala, fisikoa eta intelektuala.


Jolasa elementu hezigarri bezala ondorengo faktoreak ditu:


  • Esperientzi motore ezberdinak eskaintzen ditu: egoerak beti ezberdinak dira, adaptazio motore bat bultzatuz, mugimendu berri bat esperimentatu behar da beti.
  • Jolasa ikaskuntzako errealitate kontestualizatu bat da: egoerak aldatzen direnez, ondo ikusi behar da adaptazioa gertatzen den ala ez. Testuinguru konkretu baten barruan esanahi gehiago du egoera eta ikaskuntza bakoitzak.
  • Jolasaren bidez umearengana hurbildu gaitezke.
  • Jolasa pertsonaren osotasuna inplikatzen du.
  • Jolasaren bidez sortzen diren arazoei erantzun berriak bilatu behar dira, sormena eta araketa bultzatuz.
  • Jolasaren bidez giza harremanak sortzen dira, hauek direla, kolaborazioa, elkarrekiko laguntza, kooperazioa, autoritarismoa, parekotasuna, borroka,... talde batuan pertsonalitatearen eraikuntza bultzatuz.

Jolasa hezkuntzarako potentzial bat da, baina oso inportantea nola aplikatzen den, Lleixá-k (Bartzelonako Unibertsitatea) dio:

  • egoera dibertigarriak planteatuz, jolasak umeen garapena bultzatu behar duela.
  • ikaskuntzarako bide bat izan behar direla baina horretarako norberak besteekiko ardura izango duela errespetua eta solidaritatea erabiliz.
  • egoerak ezberdinak izan behar direla trebetasun guztiak lantzeko eta denak izateko onak zer edo zertan.
  • partizipazioa bultzatu behar dutela (jokoetan inor ez kaleratzen saiatu behar da eta horretarako beste aukera batzuk bilatu beharko dira).

Esteka interesgarriak

Jolasa

2007/05/09

JOLASA EDO JOKUA?

Duela urte gutxi arte, niretzat ez ziren bereizgarriak 2 termino hauek. Bata zein bestea erabili, lekuan lekuko ohituren araberakoa zela uste nuen. Baina begirale ikastaroa egin genuenean, ezberdintasuna zein zen azaltzeko eskatu ziguten. Ordutik aurrera, ezaugarri bereizgarriak dituztela jakin nuen.

Hortaz, euskaran, 2 termino ditugu gaztelaniako "juego" eta frantseseko "jeu" adierazteko. Normalean, jolas hitzak haurren aposturik gabeko jolasei egiten die erreferentzia; jokoa hitzak aldiz, nagusien jokoei (apustudunak normalean).

R. Mari de Azkueren hiztegia (Diccionario vasco-español-francés. Euskaltzaindia: Bilbao, 1984) kontsultatzen badugu, joko hitzaren gaztelaniarako itzulpena "juego" da, eta jolasena "juego, divertimento y recreación".

L. Mitxelenaren hiztegian (Orotariko euskal hiztegia. Euskaltzendia: Bilbao, 1997) zertxobait gehiago esaten du jokoren definizioari buruz: "juego (si está solo sin adjetivo hace referencia a juego de azar), competición y recreación". Autore honek, honako adibideak adierazten ditu besteak beste: karta jokoak, aizkora jokoa, ezpata jokoa, zezen-joko, indar-jokoa, diru joku, pilota joko.

Joseba Zulaikarentzat (Bertsolarien jokoa eta jolasa. Ed. Baroja, 1985), 2 termino hauek jatorri ezberdinekoak dira eta ez du adinkako ezberdintasunik egiten.
Jokoa: lehiakorra da, bipolarra, denboran eta lekuan zehaztua eta irabazlearen anbiguotasunik gabea. Serioski jolasten da. Irabazi edo galdu egiten da; bata ala bestea.
Jolasa: ondo pasatzeko, barre egiteko jolasten da. Ez dago irabazle argirik, irabazi eta galdu egiten da aldi berean; bata eta bestea.


Ia guzti honek sortutako nahasmena argitu dizuen, eta hemendik aurrera jolasten edo jokatzen zabiltzaten dakizuen.

iturria: Joseba ETXEBESTE OTEGI. SHEE-IVEFeko irakaslea. Soziologia doktorea, Paris V, René Descartes-Sorbona

2007/04/24

JOLASA, GARAPENA ETA HEZKUNTZA

JOLASAREN GARRANTZIA HAURTZAROAN. Jolasa eta ezagutzaren eraikitzea:



  • Jolasak hizkuntzaren erabilera bultzatzen du.
  • Besteekiko erlazioa errazten du.
  • Keinuak hobetzen ditu eta besteen adierazpenen ulermenean laguntzen du.
  • Motrizitate orokor eta zehatzaren alde egiten du.
  • Gizarte-bizitzako gaiak ditu barne.
  • Eduki sinbolikoak ditu.
  • Gatazkak bizi eta gainditzen dira.
  • Ikertzen duenak, ezagutza eraikitzen du.

JOLASARI BURUZKO TEORIA PSIKOLOGIKOAK (kronologikoki)

  • SPENCER: jolasaren eta ahalmen artistikoen jatorria dugun gehiegizko energian oinarritzen du. Gehiegizko energia hori, biziraupena gurasoengatik ziurtatuta dugulako (dugunean) ematen da. Guzti horretan oinarriturik, lehen, jolastordua atsendentzat hartzen zen, non haurrek barrua husten zuten eta horrela, lasaiago bultatzen ziren ikasgelara.
  • WUNDT eta STERN: jolasa bizitza heldurako prestaketa gisa.
  • CLAPAREDE, BüHLER, K. LEWIN: jolasa haurtzaroko adierazpen gisa.

JOLASA ETA NORTASUNA

  • FREUD: jolasari oso denbora gutxi eskaini baizion ere, bere oihartzuna handia izan da garapenaren eremu psiko-afektiboetan eta jolasaren iradokizun terapeutikoetan. Jolasaren jatorria asebete gabeko nahien adierazpen inkontzientean kokatzen du. Jolasa: errealitatean egin ezin duena konpentsatzeko jokaera subjektiboa da.
  • WINNICOT: bere ekarpen nagusiak 2 izan ziren. 3. eremua: jolasaren bidez gune mental horrela deiturikoa. Eremu hori, aldi berean erreal eta irudizkoak diren fenomeno kognitibo eta afektiboak daudelako karakterizatzen da. Trantsizio objektua: bizitza afektiboaren eraketari (eta hau, aldi berean, gaitasun kognitiboen jatorria) lotuta dagoen gaitasun ludikoa. Sinpleki esanda, objektu bat beste bat balitz bezala erabiltzearen gaitasunari deitzen dio trantsizio objektua.

JOLASEN JATORRI KOGNITIVOA

Jolasa, giza-garapenerako berezko modu gisa ulertzen dute korronte honen barnean kokatzen direnak.

  • WALLON: Jolastu: haurtzaroko berezko ekintza, gizakien mundura egokitzeko modua. Paralelismo naturala ikusten du jolasa eta garapenaren artean. Jolasak eboluzio-mailaren arabera sailkatzen ditu:
  1. Jolas funtzionalak: keinuaren garapenarekin erlazionatuta daude (ukitu, bultzatu, hanka luzatu eta jaso,...)
  2. Fikzio jolasak: jolas sinbolikoak dira (mediku izatera, aita-ama izatera jolastu,...).
  3. Eskuraketa jolasak: abestiak modu lasai eta jostagarrian ikastea adibidez.
  • PIAGET: haurren jokoak pentsamendu kognitibo eta garapen orokorraren parte dira. Berak egiten duen sailkapena honako hau da, eta bata bestearen ondorio direla dio:
  1. Ekintza jolasak (jolas motoreak; asimilazio-egokitzearen arteko diferentziatik hasten da)
  2. Jolas sinbolikoak (ekintzaren barnean adierazle eta adieraziaren arteko disosiazioa egiteko gai garenean)
  3. Arau jolasak: egitura logiko-arautua dugunean

Jolasen ezaugarriak:

  1. Ekintza: xederik gabekoa.
  2. Berezkotasuna: askea, kontrolik gabekoa.
  3. Atsegina: portaera serioaren kontrakotzat ulertua.
  4. Antolakuntzarik gabekoa: pentsamenduarekin konparatzen duelako.
  5. Gatazka pertsonalen ebazpena.

JOLASEN IKUSPEGI SOZIO-KULTURALA

  • VIGOTSKI:Vigotskiren oinarrizko 4 ideiak:
  1. Harreman estua dago jolasen eta jolasak arautzen dituzten sistemen artean. Azken hauek giza zentzua ematen dietenak dira.
  2. Fikzio-arau erlazioaren arteko harreman estua. Fikzioa, abstrakziorako bide pribilegiatua da.
  3. Jolasaren teoria naturalista kritikatzen du (animaliak eta gizakiak konparatzea) eta perspektiba sozio-historikoa indartzen du. Irudimena jolasarekin batera jaiotzen da. Irudimena, potentzialtasun cognitivo handiko egituraketa mentala.
  4. Imitapena antzezpen jolasetako barne-araua da. Imitapenaren bidez, giza-jarduera ororen zentzu sozio-kulturalez jabetzen dira.
  • ELKONIN (Vigotskiren jarraitzailea): Sobietar ikuspegitik, jolasaren xedea helduen munduari buruz ikastea da: haien harremanak, jarduerak, transakzioak eta sistemak. Jolasa, forma kulturalen garapenaren erantzuna.

iturria: EHUko Psikologia ebolutiboa eta hezkuntza mintegia.

Lotura interesgarriak
Familia, jolasa eta garapena

Gure seme-alabekin jolastu

Argitalpenak eta liburuak