2007/05/04

ZIRIPOT KONTU-KONTARI


Oraingoan ez dugu jolasei buruz hitz egingo, baina bai euskara lantzeko tresna polit batez. Zer dira ipuinak ba, euskaraz ondo pasatzeko tresnak ez badira? Zentzu horretan zer ikusi handia dute jolasekin, eta ipuinak asmatzeko teknikak ere, jolastzat har ditzakegu.

Badago Uribe Kostan, Algortan hain zuzen ere, Koska irratia izeneko irrati libre bat. Bertan era askotako programak badaude ere, badago erabilgarria izan dakigukeen bat: Ziripot kontu-kontari.

Programa hau Algortako 3 gaztek egiten dugu. Aurten 2. denboraldia daramagu eta iaztik hona, aldaketa batzuk egin ditugu gauza batzuk gehituz. Dena den, darabilgun oinarria, idatzizko ipuinak ahoz kontatzea, interpretatzea da.

Audio material hau interesgarri eta erabilgarria izan dagizuen espero dut eta kontutan har ezazue, programa hori egiteko gure gogo eta esfortzua besterik ez dugula ipintzen: ez dugu titulaziorik, ez gara irratigintzako profesionalak. Zuzenean irrati eta internet bidez entzun dezakezue, FM 108.0 edota www.koskairratia.com en. Eta zuzenekoan ez bada, laster, gure web orrialdetik nahi duzuenean eskuratu ahal izango dituzue. Astero programazio zehatza argitaratzen dugu bertan eta dataren gainean klikatuz deskargatu ahal izango dituzue: probatu hemen.

Ziripot kontu-kontari: programazioa

Ziripot izeneko pertsonai mitologikoa da irratsaio honen euskarria. Ordu erdi eskas duen saioa da. Astelehenetik ostegunera 7:30etatik 8:00etara eta 19:30etatik 20:00etara.Programa honetan 3 atal nagusi daude:

  1. Ipuin tradizionalak, kondairak, kontakizun berriak,… Euskal kulturaren inguruko zein munduko beste edozein lekutakoak kontatuko dituzte Ziripot eta honen lagunek; beti ere, euskaraz.
  2. Gai ezberdinetako atalak:
    Astelehenetan: bitxikeriak.Asteartetan: pertsonaia mitologikoak.Asteazkenetan: asmakizunak.Ostegunetan: txisteak.
  3. Asteko esaera zaharra (batzutan, horren inguruko azalpen batez lagunduta). Gure “euskal altxorrak” eta hauek erabiltzeko ohitura gal ez dadin.

Haurrentzat zein nagusientzat aproposa. Animatu eta murgil zaitez lamien, jentilen eta ipotxen munduan Euskal Herrian zehar.Gora Mari!!! Gora Ziripot

No hay comentarios: