2007/05/14

LEHENTASUN LUDIKOAK (II): ikerketen emaitzak

Gogokoen dituzten jolas eta jostailuak adinarekin aldatuz doaz, gaitasunak, interesak eta jarrerak garatu / aldatu egiten dituztelako; testuingurua aldatzen dute.

3 adin segmentu bereiz ditzakegu:
  • 8 urtetik behera: arau jolasetaranzko bilakaera moderatua.
  • 8-11 urte bitartean: kale jolasak.
  • 11-14 urte bitartean: arau jolasak eta jolas funtzionalak.

JOLASEN BILAKAERA

Sevillan egindako ikerketa handi baten emaitzak ikusiko ditugu. Bertatik datu esanguratsuenak hartu ditugu. Ez ahaztu datu hauek orientagarriak besterik ez direla.

  • Jolas motore-manipulatiboek behera egiten dute adinak gora egin ahala (berezko jolasetan).
  • Lorpen jolasek behera egiten dute adinak gora egin ahala (batez ere eskola testuinguruan).
  • Sinbolo jolas sinpleak 4 urte bete arteko jolas karakteristikoak dira.
  • Sinbolo jolas garatuek, 4-8 urte bitartean dute garai gorena. Ondoren, behera egiten dute; batez ere, berezko jolasetan (espontaneotan).
  • Kale jolasek gora egiten dute adinarekin batera (berezko jolas gisa) eta mahai jolasak 8-11 urte bitartean gogokoen duten jolas moduan ageri dira.

Mutilen jolasak, nesken jolasak: antzekotasun eta ezberdintasunak. Haurrek jolas mota berdinak dituzte gogoko eta kasik jostailu mota berdinak. Eskola garaitik aurrera hasten dira diferentziak: mutilek jolas funtzionaletarako joera eta neskek jolas sinbolikoetarako joera izango dute gehin bat.

Diferentzia handienak:

  1. Neskek mutilek baino nahiago dituzte jolas soziodramatikoak (mutilen kopuru bikoitza).
  2. Mutilen kasuan, jolas elektronikoak eta kale jolasak gailentzen dira, nesken mahai-jokoak baino apur bat gehiago.

Diferentzia handienak jostailua behar duten jolasetan markatzen dira: funtzional eta sinbolo jolasetan. Arau jolasetan aldiz, hautapena maila berberean mantentzen da.

Haurren interes intelektualak berberak direla baiezta dezaketela diote; diferentzia, rol sozialen interesetan omen dago: neskentzat etxea eta harreman pertsonalak; mutilentzat makinen azterketa eta objektu berrien manipulazioa.

Lehentasunak konkretuki:

  • Jolas motore-manipulatiboak: pilota bientzat berdin. MUTILEK: korrika egin, kotxeak eta bizikletak, eraikuntzak eta futbolinak; NESKEK: korrua, soka eta puzzleak.
  • Lorpen jolasak: MUTILEK: ordenagailua, kotxeak eta makina elektronikoak batez ere.
  • Jolas sinboliko sinpleak: NESKEK: panpinak. MUTILEK: kotxeak.
  • Jolas soziodramatikoak: NESKEK: etxetxoak. MUTILEK: telebistako filmeak eta gerrak.
  • Arau jolasak: DENEK: korrika egin eta atzetik joan. MUTILAK: ohikoena, futbola.

Ondorio guzti hauek, datu asko jaso ondoren egin dira. Gure kasuan, datu askoz gutxiago jaso genituen, baina ondorioak ez dira oso ezberdinak. Ez naiz sartuko nesken eta mutilen lehentasunen kausak aztertzera, baina emaitza horiek ez dira kasualitate baten ondorio, hezkuntza / kulturaren bidez jasotako baloreen ondorio baizik.

Datuak hemen daude, hortik aurrerakoak, hezitzaile bakoitzak baloratu beharko ditu. Elkarrekin jolas dezaketela argi dago behintzat... bideo ikusi bestela!



iturria: EHUko Psikologia ebolutiboa eta hezkuntza mintegia

No hay comentarios: